XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Klima aldaketaren eragina gero eta nabariagoa da gizakien osasunean

Latinoamerikan infekzioen berragerpena eta Europan arnas gaixotasunak eragin ditu

Jadanik guztiz nabarmena den klima aldaketak izan du, dagoeneko, gizakien osasunean eraginik.

Latinoamerikan, esaterako, kontrolpean ziruditen malaria, paludismoa eta denge infekzioak berragertu dira eta Europan, aldiz, alergiek eta arnas gaixotasunek gora egin dute, hau guztia Karibe aldean izan diren ezbeharrak ahaztu gabe.

Naturaren abisua besterik ez da, azaldu du Francisco Marques Estatu espainiarreko adituak, Nazioarteko Metereologia Egunaren bezpera den honetan.

Klima aldaketak eguraldi eta egun libreak antolatzeko garaian eragina izateaz gain, badu, dagoeneko, eraginik gizakien osasunean.

Guztiz nabaria den aldaketa honen eraginez, kontrolpean zeudela uste zen infekzio batzuk berragertu dira azken urteotan Latinoamerikan, hala nola, paludismoa, malaria eta denge gaixotasuna. Gertuago, Europan bertan, alergiak eta arnas gaixotasunak ugaldu direla nabaritu da.

Datu hauek guztiak eman ditu Francisco Marques ikertzaileak.

Marques Estatu espainiarreko Inguru-Giro Osasun Zentroaren zuzendaria dugu, Carlos III Institutuaren agindupean lan egiten duen zentroarena, hain zuzen ere.

Berak azaldu bezala, naturaren abisua baino ez da gizakien osasunean igartzen ari den klima aldaketa hau.

Hala ere, pesimismoa baztertu behar dela esan du Marquesek, Nazioarteko Metereologia Eguna bihar ospatzen dugun honetan.

Lehen aipatutako osasun-kalte guztiak klima aldaketak zuzen-zuzenean eragindakoak lirateke adituaren ustez.

Hauen artean, Erdialdeko Amerikak eta, zehazki, Karibe aldeak azken garai hauetan jasan dituen ezbeharrak aipatu zituen Marquesek.

Adibide gisa Mitch hurakana eta El Niño fenomenoa aipatu zituen.

Izan ere, zonalde hau izan da orainarte klima aldaketa gehien nozitu duena eta gero eta ugariagoak dira orain dela gutxira arte ia desagertutzat jotzen ziren infekzioak.

Horrela bada, denge, paludismo eta malaria infekzioak dituzten gaixoak gero eta gehiago dira.

Hiru infekzio hauek euliek kutsatzen dizkiete bertako herritarrei.

Klima aldaketak eragindako euriteen ondorioz, arratoien pixak kutsatuta, leptospirosis infekzioa ere tratatu behar izan dute Erdialdeko Amerikako erietxeetan bertako medikuek.

Bapateko tenperatura aldaketak

Europan ere eragin zuzena du klima aldaketak, batez ere bapateko tenperatura aldaketetan.

Marquesek azaldu bezala, bero eta hotz boladek hilkortasuna gehitzen dute.

Industrialiazioak eraginda bada ere, baina klimaren eragina jasaten duen kutsadura ere gogoratu zuen adituak.

Arduratuta egon behar dugu Europan ere, fenomeno hauek sortzen dituzten arnas gaixotasunak, biriketako minbizia kasu, ugaldu egin direla kontuan hartuta.

Gainera, bapateko tenperatura aldaketek eta kutsadurak alergiak, desoreka psikologikoak eta alterazioak sortarazten dituzte.

Arazo honi buruz, Blanca Martinez del Amo eta Jose Manuel Ranz zientzilariek gizakiarentzat baldintza klimatologirik oparoena zein den aztertu dute 1999ko Metereologi Egutegia osatzeko garaian.

Aditu hauen esanetan, tenperatura oparoena 19 gradutik 25era bitartekoa da, eta hotz-bero honekin bihotzekoa izateko arriskua ere gutxiagoa dela esan dute.

Estatu Espainiarreko Psikiatria Atentzio eta Ikerketa Institutuak, bere aldetik, funtzio psikikoetan udaberriaren eragina oso nabaria dela onartu du egunotan kaleratutako ikerketa batean.

Horrela bada, pertsona batzurengan argiak bizi-indarra ugaltzeko zerikusi zuzena du.

Aitzitik, aro honekin datorren argitasun honek eragin ezkorra du beste batzurengan, lo egiteko garaian edota stressa areagotuz.

Are gehiago, udaberriak eskizofrenia piztu egin dezakeela adierazten da informe honetan.

Ingurugiro-Osasun Zentroaren zuzendariarengana bueltatuz, klima aldaketa honi aurre egiteko norberak ezer gutxi egin dezakela onartu zuen.

Batez ere umeei begira, eguzkiarekin kontuz ibiltzea komenigarria dela azaldu zuen, ozono kaparen murriztea dela eta, inmunologia-sistema guztiz osatua ez dutela kontuan hartu behar baitugu.

Hala ere, eta klima aldaketak gizakien osasunean duen eragin zuzen-zuzena alde batera utzita, aldaketa honek laborantzan eta elikaduran duen eragina aipatu du Marquesek.

Baso tropikalek eta landaretzak, oro har, jasan dituzte jada aldaketa honen kalteak.

Azkenik, landaretza honek ezin izango du orain arte eman dituen ekologi zerbitzuak eskaini, eta abere batzuk hil egingo direla esan nahi du honek. Gainera, ezinbestekoak diren hainbat jaki desagertuko dira esan zuen.